XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1. GURE LITERATURA KLASIKOA

XVIII MENDEA (II). LARRAMENDI. GIPUZKERA KLASIKOA.

- Manuel Larramendi (1690-1766)

Larramendi Euskal Literaturaren figurarik garrantzitsuenetariko bat dugu, ezinbestekoa honen ibilbidea ulertzeko.

Andoainen jaio zen 1690. urtean.

Txikitatik, jakingura bizia eta ikasteko zaletasun handia erakutsi zituen.

Elizgizona izan zen, jesuita hain zuzen ere, Bilbon sartu zelarik Jesusen Konpainian.

Bere garaian ezaguna eta ospetsua izan zen bere jakituria, argitasuna eta oratoriarako dohainengatik.

Honela, Salamancako Unibertsitatean Filosofia eta Teologia irakasle izan zen, eta bai Carlos II erregearen alargunaren aitorle ere.

Idazle bikaina erdaraz eta euskaraz, hizkuntza honetan oso gutxi utzi bazigun ere.

Baina, ezer baino gehiago, Larramendi euskararen apologista izan zen, alegia, euskal hizkuntzaren jatortasuna, edertasuna eta aberastasunaren aldarrikatzaile sutsua.

Sarako Etxeberrik euskararen apologia euskaraz idatziz egin bazuen, Larramendik, aldiz, erdara erabili zuen ia beti beraren defentsan.

Berak euskara laidotzen zuten erdaldunei erakutsi nahi zien euskararen bikaintasuna, eta horrexegatik zuzentzen zitzaien beti erdaraz.

Eta, egia esan, horrelako eztabaidetan Larramendi irten ohi zen garaile, bere jakituria handiaz eta euskarazkotzat ematen zuen zenbait etimologia argudiatuz, bere aurkakoak isilerazten bait zituen.

Larramendiren apologiazko idazlanek, hiztegiak, gramatikak eta bere nortasunak berak ere eragin handia izan zuten ondorengo idazleengan, berauek euskaraz idaztera bultzatu bait zituen; hasiera batean katekesi liburuak eta itzulpenak, eta geroago sormen handiagoko lanak.

Idazlanak

- De la antigûedad y universalidad del Bascuence en España: de sus perfecciones y ventajas sobre otras muchas lenguas: Demostración previa al arte, que se dará a luz de esta lengua. (1728)

Liburuaren izenburu luzean soma daitekeenez, Larramendi laster gramatika bat sortzeko asmoa iragartzen ari zen, apologia honen azken argudioa eta froga izango zena.

Liburu honetan gogor erasotzen die euskara hizkuntza landu gabe eta ezgauza dela dioten guztiei; argudio bezala, euskara antzina Espainiako hizkuntza bakarra zela aldarrikatzen du,